XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Datu bat: Euskal Herrian gerra zibilari hasiera eman zion gerrako bandoa ez zen kuartel batean argitaratu, Diario de Navarra-ko inprimategian baizik. 1936ko uztailaren 19ko lehen orduetan Victoria markako minerva batean Eusebio Minak, Diario de Navarra-ren zuzendariaren aginduz, Emilio Mola jeneralak sinatzen zuen bandoa inprimatu zuen.

Egun berean, goizeko 9etan, goardia zibilek mezu horren makina bat fardel eskuratu eta gero Nafarroan barrena zabaltzeari ekin zioten. Bide batez Iruñeko egunkariak Molaren gerra deialdia plazaratu zuen bere lehen orrialdean, ¡Viva España! erraldoi batekin.

Errepublikaren aurkako konpromezua harantzago zihoan prentsa mota horretan. Zapateria karrikako egunkari iruindarrak, altxamendu eskuindarraren akuilu ideologikoa izateaz gain, parte hartze zuzena izan zuen militarren eta karlisten arteko negoziazioetan gerra prestatzeko orduan, bere zuzendari zen Raimundo Garcia Garcilaso-ren bitartez.

Garcilaso, nafarzalekeriaren ideologoa, Franco, Goded, Mola eta Sanjurjoren bitartekari prestua izan zen 1936ko uztaileko kolpea burutu arte.

Jokabide honek ederki frogatzen du Errepublikako urteetan izandako kazeta eta politikarien arteko lotura estu bezain zuzena. Sarritan deitu izan duten Irakasleen Errepublikari askoz hobekiago legokioke Kazetariena esatea, anitz baitziren politikaren eta komunikazioaren munduetan aldi berean aritzen zirenak.

Errepublikaren aroa oso emankorra izan zen kazetagintzaren eremuan. Hego Euskal Herrian, errate baterako, 18 egunkari kaleratzen ziren: ia-ia korronte politiko-ideologiko guztiek beren bozeramailea zuten. Baina gerrak kazetaritzaren urrezko urte hauek hondoratuko zituen, iritzi aniztasun oparo batetik Mugimendu Nazional frankistaren halabeharrezko margo bakarreko panoramara pasatuz.

Gertaera politiko-militarrek baldintzatu zituzten komunikabideen jokaerak gerra hasi bezain agudo. Errate baterako, aipatu dugun Molaren bandoak aldizkari guztiek orduz geroztik pairatu beharko zuten zentsura militarrari eskaini zion bere 10. artikulua. Baina askoz harantzago joan ziren alde batekoen zein bestekoen eginkizunak. Etxekoei zentsura ezartzen zitzaien bezala, etsaiei lapurren legea.